lunes, 1 de junio de 2009

Luchon Doneztebe

Trafiko eta eguraldi parteekin makina bat gora behera izan ondotik, joan den asteazkenean erabaki genuen, larunbatean Luchonen egonen ginela, handik Donezteberaino bidea egiteko. Hasiera batean 4 lagunek parte hartu behar bagenuen ere, azkenean 2 atera ginen bidea egiteko asmotan, Iñaki eta ni neu. Ortziral arratsaldean traste guziak Iñakiren furgonetan sartu, eta haruntza abiatu ginen, eguraldi ona izanen genuenaren uste osoarekin, baina bidea nola egonen ote zeneko duda aunitzekin.
Luchoneko kanpinera iritsi, bungalowan sartu eta afaria prestatu bitarte, Iñaki biharamuneko botellinak prestatu, eta hurrengo egunean horren funtzio ona eginen zuten jamon york eta gaztako bolloak prestatzen joan zen. Giro ederrean afaldu genuen hurrengo egunean “ekipo zuzendari” izanen genituen Jose Gallego eta nire aitarekin batera. Goizean goiz ernatu behar genuenez, 11 terdiak aldean ohera joan ginen, loa lasai egiteko esperantzatan. Kosta zitzaidan lo hartzea baina tira, begia itxi orduko alarmak jo, eta hara, goizeko bostak, jeikitzea tokatzen… Majo gosaldu, azken prestakuntzak egin, eta 6 terdiak baina piskot lehenago hasi zen abentura, aintzinean, 310 kilometro inguru, eta 6 portu, eguraldia lagun, baina bero gehiegi pasako genuenaren beldurra…
Horrela ttapa-ttapa hasi ginen eguneko lehen portua igotzen, Peyresurd, 13 kilometro 912 metro inguruko desnibela pasatzeko. Lehen arazoa, nire pulsometroak ez dit pulsoa markatzen, hau ez da arazo sobera haundia, baina oso ohitutak gaude pulsometroak jarritako erritmoari so egin eta horren arabera burua lasaitzen, hala ere, horrelako bide luzeetan ez du horrenbertzerako garrantzirik, eta pena gehien gerora ordenagailuan ezinen dudala gorde izanen da… Oraindik hagitz goiz den arren, eguzkitan beroa egiten du, eta ttapa ttapa bidea eginez goaz, sobera sufritu gabe, baina erritmo onean, elkarrizketa animatu batean… Ordubeteko lanaren ondoren, gailurrera iristen gera, zeozer jan, botellín beteak hartu eta argazki batzuen ondoren, Arreau-rako bidea hartzen dugu, handik Aspin igotzeko.
Beherako bidean, oraindik eguzkia ez zen mendiaren gainera iritsi eta fresko gehiago egiten zuen, baina tira, jeitsiera lasaia izan zen, eta konturatu ordurako Aspin igotzen hasiak ginen. Oso portu eramangarria da Aspin, eta joan den urtean ez bezala, eguraldi ederra zegoenez, 10 kilometroren faltan edo, gailurra ikus zitekeen… Paisaia ederrak, gailurrak elurtuta, errekak elur urtuaren ondorioz indartsu, gozatzeko moduko eguna egia erran… Peyresurden bezala, hizketaldi goxoan ari ginala, eta gehiegi sufritu gabe, joan den urteko esperientziak garapen suabeekin igotzearen onurak erakutsi zizkidan, gailurrera iritsi ginen, eguneko bigarrena, eta oraindik oso ongi… 44 kilometro inguru bakarrik eginak genituen, beraz hobe zenbat geratzen zitzaigun ez pentsatzea… Berriro ere, argazkiak atera, zerbait jan, jeitsierako arropa hartu, eta San Marie de Campanera abiatu ginen…
Jeitsiera nahiko azkarra egin eta gero, eguneko lehen puntu konfliktibora ailegatu ginen, izan ere, informazio guzien arabera, Tourmalet itxita zegon, beraz, agian azken orduko aldaketak egin beharko genituen gure bidean… Aspineko alde suabetik igotzen ari ziren txirrindulari andanek, kezka haunditu baino ez ziguten egiten… San Marie de Campanera iritsi, bere iturri famatuan botellinak bete, eta kartela “Tourmalet ferme depuis La Mongie”… Kasu gehiegirik ez egin eta goiti abiatu ginen, garapen suabe eta erritmo goxoaekin… Hala ere erritmoa ez zen sobera xuabea, jende franko aintzindu baikenuen… Tourmaleten ere paisai ikaragarri politak ikusi genituen, erreka haundituak, belagi berdeak, elurra, itzela… Asko erreserbatuz, La Mongira iritsi ginen, eta han zegoen aintzinera jarraitzen uzten ez zigun barrera… Kotxe de apoioa ere han zegoen, beraz beraiekin zertxobait hitz egin, jan eta plana egin genuen… Guk bizikletaz barrera pasa eta goruntza joanen ginen, goraino ongi zegoela errana baitziguten, gerora bajatzea ezinezkoa bazen, buelta eta Lourdesera joanen ginen handik Arguelesera joateko. Hau zen furgonetak nahi ta nahiez egin behar zuen bidea… Guk aldiz, jeistea posible zela ikusiz gero, Luz St Sauveurrera jaitsiko ginen, handik Arguelesera joan eta han Soulor igotzeko. La Mongietik gora, sentsazioak itzelak ziren, mendatea guretako soilik zela ematen baitzuen… Han ez zegoen kilometroak markatzen zituzten panelik, bihurgunetan elur pilak ( 2 metro edo…), eta berriz ere paisaia itzelak… Konturatu ginenerako gailurrean ginen, eta gailurra ere arraro zegoen, ez kartel, ez ostatu, ez han egoten den estatua… Gailurrera iritsi bezain abudo ikusi genuen beste aldean elurra bederen ez zegoela, hala ere, frantzesek kotxeak ez pasatzeko lur eta breako barrera bat egina zuten, baina tira, kasu putik ez eta behera, apoiko kotxeari gure asmoen berri eman eta gero… Errepidean ez zegoen elurrik, baina harriak, ura, lohia… ugariak ziren, eta mantso jeitsi behar izan genuen. Karretera garbira iritsita, hango erreka batean zangoak garbitu eta Luz St Sauveurrera joan ginen, Baregeseko herria atzean utzita. Atera ginenetik 5 ordu eta 25 minutu pasa ziren, bizikleta gainean 5 ordu inguru egin genituelarik, Luz-en 100 kilometro eginak genituen, eta 3 portu paseak, desnibelaren erdia baino gehixeago bai, baina oraindik asko falta zen… Argueleserako bidea hartu genuen…
Luzetik Argelesera bidea beheruntz joaten da, eta laster baten ginen Argueleseko erdian, Soulor igotzen hasteko prest. Hor izan nuen lehendabiziko matxura, Tourmaleten behera kalako torloju bat galdu, eta kala ezin atereaz geratu bainintzen. Hala ere, Iñakik mekaniko bezala duen prestotasunak, arazoa konpondu, eta 20 minutu inguruko geldialditxoaren ondoren, Soulor gora hasi ginen. Hemen hasi ziren joan den utean nire kalbarioak, eta beraz, sekulako errespetoa nion mendate honi. Guk jasotako informazi guzien arabera, Soulorretik Aubisquera pasatzeko errepidea itxita zegoen, eta Tourmaleten egin bezala, guk bizikletan pasatzen saituko ginen, furgoneta Ferrieresera joanen zelarik. Hala ere, Argueles utzi bezain abudo, sorpresa positiboa, “Aubisque ouvert”, moralarendako inyekzio itzela… Erran beharra dut Soulor gora ez nuela sobera sufritu, tarteka zangoak kexatzen hasiak baldin baziren ere… Beroa jasangaitza zen eguzkiak jotzen zuen tokietan, 32 ere markatzen zituelarik, eta gauza gehiago zailtzeko, asfaltatu gabeko tokiak bazeuden, hartxintxar edo grabilarekin tapatuak… Arratsaldeko 2 orduetarako Soulor gaina harrapatuta genuen, eta itzal batean, bazkaltzera gelditu ginen, bazkaltzen ari ginela bigarren matxura gertatu zelarik… Beroaren ondorioz, mekanikoak jarri zidan funda de llanta probiosionalak huts egin eta erradioak kamara zulatu zidan, momentu latzak izan ziren, une horretan jarraitzea ezinezkoa baitzen… Hala ere, Iñakik, berriro ere Iñakik, zulatutako kamara moztu eta kamara funda de llanta gisa erabiltzea pentsatu zuen, eta apaño domestiko horrekin, Donezteberaino iristea lortu genuen… 15 minutuko geldiunea izan behar zuena, 50 minutura luzatu zen, eta nahigabeak bakarrik etortzen ez direnez, kuentakilometrosa ere matxuratu zitzaidan… Amorruak eraginda edo, Aubisque nahiko gogor igo genuen, galdutako denbora errekuperatu nahiean, izan ere, zaila izanen baitzen egunez iristea… Aubisquen argazkiak atera, zeozer jan, eta Larunsera jeitsi ginen, gogorrena pasata genuen, hala ere, joan den urteko esperientzia latzak konfidantza gehiegirik ez izatea aholkatzen ninduen.
Larunserako bidean, Iñakik aldea atera zidan, jeisten oso baldarra bainaiz ni, eta kasualitatea, Portaletera joateko bidegurutzean bertan, bi herrikide topatu zituen, bi oriotar alegia. Haiek agurtzen ari zela, eta niri itxoiten ari zitzaidan bitartean, tapa, atzeko zirrika zulatu zuen, beste matxura bat. Ahal bezain abudo konpondu eta bidean jarri ginen. Larunsetik Oloronera dauden 30 kilometro zelaiak nahiko errazak ziruditen arren, haize nahiko genuen kontran, gure bidea nekezagoa egiten zelarik. Hemen Iñakiren erakustaldia etorri zen, dena berak tiratzen egin baitzuen, eta nahiko azkar gainera, une aunitzetan nahiko estutu ere estutzen ninduelarik… Olorenera sartzean, repetxo nahiko haundi bat zegoen, eta hor etorri zen nire lehen txakalaldia, hortik aintzina zelaian ere ezin bainuen Iñakiren gurpila eutsi… Bidegurutze guzietan ongi begiratu arren, galdu egin ginen, Atharratzeko bidea hartu beharrean Maulekoa hartu baikenuen… Gure burua galduta ikustean, furgonetara deitu genuen, eta 10 minutu edo egin genituen eguzkitan geldirik, horrek nire txakalaldia areagotu baino egin ez zuelarik… Furgoneta zegoen tokia topatu genuenean, zapatilak kendu, ura edan, eta gorputzari buelta ematea zen nire helburu bakarra, aita, Jose eta Iñakik bidea bilatzen zuten bitartean… Azkenean bidea bilatu, eta Atharratzerantz joan ginen…
Olorontik Atharratzerako bidean, Iñaki konturatu zen ni ez nindoala sobera santu, eta lasai antzean joan ginen. Sentsazioak ez ziren onak, baina hala ere, joan den urtekoak baino askosaz hobeak ziren… Elkarri animatzearren edo, momentu musikalak ere izan genituen, Xiberuko kantak a kapela kantatzen, kilometroen eroria goxatzearren… Azkenean, Atharratzera iritsi ginen, orduerdi batean ia 3 botelin edan nituen, erabat idortuta nengoen, eta gainera Ahuski mendate ezezagun bezain gogorra genuen aintzinean… Arratsaldeko 7ak izanen ziren, eta gargero mentalizatuak geunden, azken kilometroak ilunpean egin beharko genituela… Alde ona ere bazuen horrek, ordurarte izandako bero itogarria, tenperatura jasangarriago bat ekarri baitzuen…
Haltza herrian hasi zen Ahuskiko mendatea, aintzinetik 13 kilometro, karretera nahiko zatar, eta zati oso gogorrekin, 4 kilometro jarraian %10etik gora… Egia erran gaizki pasa nuen, erritmo lasaia jarri, eta poliki poliki gora, nekea ez zen kronikoa, baina maldaren gogortasunak ederki sufriarazi ninduen… Mendatea bi mendateetan zatitzen da, eta lehen zatia pasata ura hartu , apurtxo bat jeitsi, eta berriro goruntz hasi ginen… Hemen konturatu nintzen zein garrantzitsua den mendateak ezagutzea, hurrengo rasante aldaketaren ondoren, hurrengo bihurgunearen ondoren dagoena ez ezagutzeak, era bikoitzean nekatzea baitakar… Ezagutza ezaren puntu kritikoa gailurretik hurbil etorri zen, izan ere, guk Mendibera jesiteko ezkerrera hartu behar genuen, baina eskuinerantz, ranpa ikaragarri batek goruntz jarraitzen zuen, eta gure aintzinetik zihoan kotxe frantzes batek gorantzako bidea hartzean, bion morala lurrera erori zen, bidea hortik zela pentsatu baikenuen… Bidea beheruntz zela ikustean poztasuna itzela izan zen… Orain Mendibe herrira jaitsiera arriskutsu bat genuen, grabila asko, ganadua… eta behin hara iritsita, ibilbide nahiko ona Donibane Garazirarte… Donibane Garazira iritsi eta Jon Zeberio txirrindulari legazpiarrari deitu genion, hark hala eskatuta, izpegiko gainan itxaron nahi baikintuen… Donibane Garazi eta Baigorri artean dauden bi repetxo gogorrak pasa, eta Baigorrira iritsi ginen hamarrak laurden gutxi aldera. Bertako komunetan geldialditxoa egin, zerbait jan, edan, eta bizikletei argiak jarri genizkien, gorantza ia seguru behar izanen baikenituen…
Mentalizatuta nintzen Izpegin gora aunitz sufritzeko, joan den urtean Oskitzen eta batez ere Baionarako bidean dauden repetxo askoretan sufritu nuen bezala sufritzeko. Egoera normalean, eta Izpegi a tope igota 28 minutu tardatzen ditut, eta larunbatean 40 minutuz gaina irabazia nuen… Denboraren erlatibitatea datorkit holakotan burura, 28 minutu tardatu nituenean, igoera luzeago egin baizitzaidan, arnas estuaren ondorioz… 2 kilometro falta arte biak batera igo genuen Izpegi, eta handik goiti Iñaki aintzinerantz joan zen. Lehendabizikoz sentitu nuen gauez ibiltzearen sentsazioa, eta erran beharra daukat sentsazio arraro bezain polita dela. Gailurrera iritsi eta han genituen nire aita eta Jose, txanpan botila irekitzeko prest, txanpana ireki, Jon Zeberio eta bere neskalagunarekin topa egin, jeitsierarako arropa jantzi, eta azken txanpa, Doneztebe zain!!!
Izpegiko jeitsiera oso ongi ezagutu arren, gauez jeistean dena aldatzen da, baina tira, Izpegitik etxerakoa maiz egin izana dut, eta Izpegiko sentsazioak sobera txarrak izan ez zirenez, gustora joan ginen. Erratzun Josek, plazoletara joan behar genuela erran zigun, eta horrela, Doneztebera iristerakoan haruntza joan ginen… Bizikleta gainean nahiko ongi ikusten genuen biok gure burua, baina gelditu eta tioskora igotzean izan zen nekeak gogor jo ninduen momentua… Eskaileratik erortzeko kriston beldurra genuen Iñakik eta nik, eta Txominek, azkar ikusi zuen gure nekatu aurpegia… Hala ere milesker harrera bero horrengatik oso polita izan baitzen…
Joan den urteko erranak hartuta, larunbatean berriro eginen ez nuela nioen, urrian agian eginen dudala erranen dut, eta zihur aski beste noizbaitere errepikatuko dut… Horrelakoak gara…

No hay comentarios: